Gertukoa aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu. Garena izateko aukera.

Gure herrietako komertzioetan konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua. Eta dendariak ezagutzen gaitu gu ere, zer nahi dugun, zer behar dugun.

Konfiantza egunez egun lortzen da, alde biko konpromisoari esker. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkarrago eta seguruago bat: nor bere hizkuntzan artatua izatea.

Euskara aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu, garena izateko aukera.

Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Betikoa, gertukoa.

“Jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Honela euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak. Bereziki lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzenduta dago

Mezu horri spot baten forma eman zaio eta hori da kanpainaren ardatza.

Spot-ak hormarik gabeko herri bat irudikatzen du, tokiko merkataritzaren gertutasunaren isla, eta herria bera fikziozkoa da edozein herri irudika daitekeelako. Era berean, edozein herritan ematen den errealitate kateatua erakusten du spotak; non okindegiko eroslea, botikako saltzailea izan daitekeen; botikako eroslea, bere negozioa duen autonomoa eta era berean hori bera, tabernako bezeroa. Hala, gutako bakoitzak euskararekiko paper desberdinak betetzen ditugula irudikatzen du kanpainak; une batean eroslea eta hurrengoan saltzailea eta errealitate hori euskaraz bizitzera animatzea da kanpaina honen helburu nagusia, konfiantzaren eta gertutasunaren osagaiak kontuan izanda, horretarako daukagun aukera aprobetxatzera bultzatuz.

Aurrera begirako lan-lerroa

Eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren (2020-2023) helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak merkataritzan euskara sustatzeko ekimen hau abiarazi nahi izan du, eta bere helburua lan-lerro honi jarraipena ematea da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak aitortza egin nahi die hainbat urtetan eremu honetan ekintzak egiten dabiltzan udal, euskara zerbitzu eta eragile desberdinei eta horiekin elkarlanean aurrera egin nahi du ahaleginak batuz. Hala, hasierako kanpaina honetan bidelagun izango dira Donostiako Udala, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Bilboko Udala eta Gasteizko Udala. Aurrerantzean udal gehiago batzea da Jaurlaritzaren helburua.

Menua